Antzara-joko (taula-jokoa)
Antzara-joko (taula-jokoa) | |
---|---|
mahai-jokoa | |
- Artikulu hau taula-jokoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Antzara-joko».
Antzara-jokoa[1] gelaxka segida batean zehar piezak mugitzen dituen taula-joko bat da, mugimenduak dadoek erakusten duten puntu kopuruari jarraiki egiten direla. Bi jokalarik edo gehiago har dezakete parte, bakoitza kolore ezberdineko piezekin eta txandaka piezak mugituz. Helburua bere piezak azken laukira eramaten dituen lehena izatea da. Guztira irudiak agertzen dituzten 63 gelaxka daude; tarteka, antzarak agertzen dituzten gelaxkak daude eta bertara helduz gero, antzara duen hurrengo gelaxkara egiten da jauzi eta berriz ere dadoak botatzeko aukera ematen da, "antzararik antzara, neu berriro jokora", "Antzara bat eta antzara bi, berriz ere niri!" edo antzeko esaldiak aipatuz, jokoari izena ematen diotenak. Helmugarako ibilbidean zehar bestelako irudiak dituzten gelaxkak badaude: zubiak, jauziak egiteko aukera ematen dutenak; putzuak, non beste jokalari bat bertatik pasa arte ezin den bertatik atera; kartzelak, non txanda kopuru bat galtzen den; dadoak, non dadoak berriz ere botatzen diren edota heriotza, non abiapuntura itzuli behar den.[2]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jokoak bere jatorriko bertsioan XVI. mendean sortu zen. Lehen bertsioa, Florentziako Frantzisko I.a Medicik Filipe II.a Espainiakoari 1574 eta 1587 artean oparitutako mahai joko bat izan omen zen. XIX. mendearen bukaeran zabaldu zen publikoaren artean.
Geroztik, aldaera ugari izan dituen jokoa da, irudi-tematika ezberdinekin, hala nola historia, kirolak, zientzia eta ingurumena. Halatan, irakasgai batean hasteko joko didaktiko moduan eta publizitate-tresnatzat erabili izan da. Antzara-joko ezberdinen bilduma egiten duten zaletuak badaude.
Joko arauak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dado batekin edo birekin jokatzen da, bi jokalarik edo gehiagok jokatzen dute, bakoitzak fitxa bat duela. Dadoarekin punturik gehien lortzen duen jokalaria hasten da. Fitxek tiradaren puntuazioaren arabera egiten dute aurrera. Erortzen den laukitxoaren arabera, aurrera egin daiteke edo, aitzitik, atzera, eta lauki batzuetan zigorra dago adierazita. 63. laukira iritsi den lehen jokalariak irabazi du jokoa.
Jokoaren hainbat bertsio daude, lauki eta kokapen desberdinekin, baina gehienek lauki hauek dituzte:
Antzarak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Honako lauki hauetan daude kokatuta: 1, 5, 9, 14, 18, 23, 27, 32, 36, 41, 45, 50, 54, 59 eta 63 (helmuga). Lauki horietako batean erortzen denean, hurrengo antzararaino aurreratzen da, eta dadoa berriro botatzen da. Tradizioz, "antzararik antzara, neu berriro jokora" esaten da edo "Antzara bat eta antzara bi, berriz ere niri! ".
Zubiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Normalean 6. eta 12. laukietan edo 2. eta 12. laukietan daude.
- Zubi batean eroriz gero, fitxa beste zubira mugitzen da, eta dadoak berriro botatzen dira esanez "Zubirik zubi noa, eta urak arin naroa! ", antzarekin esaten denaren antzekoa. Hau da, 6. laukian erortzen bada, 12ra aurreratuko da, eta 12an erortzen bada, 6ra atzeratuko da, bi kasuetan dadoak berriro botaz.
Ostatua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Normalean 19. laukian dago. Lauki honetan erortzean, 2 txanda galtzen dira.
Putzua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Normalean 31. laukian dago. Lauki horretan erortzean, bi txanda galtzen dira.
Dadoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]26. eta 53. laukitxoetan daude normalean. Bi lauki horietako batean erortzean, hurrengora egiten da aurrera edo atzera, eta berriz botatzen da esanez "dadotik dadoetara (26 gelaxkatik 53 gelaxkara) salto-saltoka aurrera noa” edo “Dadoetatik dadora (53 gelaxkatik 26 gelaxkara) salto-saltoka atzera noa”, non berriz dadoa botatzen den.
Labirintoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]42. laukitxoan dago, labirintoan erortzen denean, 30. laukira atzera egitera behartuta dago. "Labirintotik 30era" esan ohi da. Beste bertsio batzuetan, harrapatuta geratzen da eta ezin da aurrera egin dadoekin zenbaki jakin bat atera arte. Baina beste bertsio batzuetan 2 txanda galtzen dituzu.
Espetxea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]52. laukian dago. Espetxean erortzen denean, 3 txanda galtzen dira. Beste aukera bat da espetxean eroriz gero, fitxa ibilgetuta geratzen dela beste jokalari bat erori eta erreskatatu arte, eta hura harrapatuta geratzen dela.
Garezurra edo heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]58. laukitxoan dago, garezurrean edo heriotzan erortzen denean, hasierako laukitik hasten da berriz.
Azken laukia, 63.a (helmuga)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lauki honetara iritsi ahal izateko, dadoarekin puntu zehatzak lortu behar dira, bestela soberako puntu adina lauki atzera egingo duzu. Laukitxo horretara 59. laukiko antzaratik iritsiz gero, dadoa berriro bota behar da, eta "antzararik antzara, neu berriro jokora" arauaren arabera markatzen dituen laukitxoak atzera egin.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskalterm: [Hipermerkatuetako Produktuak Hiztegia] [2009]
- ↑ Angulo Martin, Patxi. (1997). «Mundu zabaleko jokoak. Jokoen mundu zabala» www.elhuyar.eus (Elhuyar) ISBN 978-84-92457-60-1. (Noiz kontsultatua: 2021-12-19).